Eredu produktibo bat da. Historiaren une honetan kapitalismoak jantzi duen azken maskara. Ideologia bat ere bai, etenik gabe errepikatzen dena negozioak nola egin erakusten duten unibertsitateetan, enpresei aholku ematen aritzen diren bulegoetan, ekintzailetza eta enpresa-sorkuntzari buruz nonahi antolatzen diren jardunaldietan. Eta, batez ere, leku guztietako agintariek besarkatu duten masta da, azken hamarkadako ekonomiaren itsaso zakarrak zeharkatu ostean India berriak agertuko direlakoan. “Iraultza digitala” deitu izan diote. Baita Laugarren Industria Iraultza ere. Eta bitxia da zeren, iraultza bat izateko, inor gutxi sentitzen da askatuta ekartzen ari denarekin. Bakardadea eta indibidualismo erradikala. Eta estresa –alegia, estres gehiago–, denbora falta, etengabe konektatuta egon beharra, emozioen polarizazioa, paradigma kultural berriak. Gehiago kontsumitzea. Gehiagotan kontsumitua izatea. Ez da iraultza, beste izen bat merezi du: neurokapitalismoa da.